Hasiera
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Euskadik Japonian sustapen turistikoa indartuko du, Osakan eta Tokion egingo diren jardunaldi profesionalen bidez
17.03.2026
Euskadik Japonian sustapen turistikoa indartuko du, Osakan eta Tokion egingo diren jardunaldi profesionalen bidez

Asiako merkatu estrategikoenetako batean duen posizioa finkatzen du, bere balio nagusiak —gastronomia, kultura, paisaia eta esperientzia paregabeak— sustatuz. 

Euskadi Basque Countryk Japoniako merkatuan duen posizionamendua indartzen jarraitzen du, aste honetan Japoniako turismo-sektoreko profesionalei zuzendutako zenbait sustapen- eta merkaturatze-jardunaldi eginez. Euskal ordezkaritza —Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solana buru duela— Euskadi Basque Country Confidential produktuen klubeko bederatzi enpresak osatzen dute; klub horrek helmugako lehen mailako (premium) enpresa turistiko nagusietako batzuk biltzen ditu.

Lehenengo jardunaldia gaur, martxoak 17, ari da izaten Osakan. Bertan, ordezkaritzak tokiko turismo-sektoreko 35 eragile eta profesional ingururekin egingo ditu bilerak. Hitzordu horrek aukera emango du Euskadiko eskaintza turistikoa aurkezteko, merkataritza-harremanak sendotzeko eta gure helmugan interesa duten Japoniako operadoreekin negozio-aukera berriak sortzeko.

Ekimenak jarraipena izango du ostegunean, martxoak 18, Tokion. Bertan, euskal ordezkaritzak herrialdeko bi operadore turistiko nagusiren (HIS eta Miki Travel) bulegoak bisitatuko ditu, Japoniako banaketa-kanalarekin lankidetzan sakontzeko asmoz. Egun horretan bertan, arratsaldez, sustapen- eta merkaturatze-jardunaldi berri bat egingo da Japoniako hiriburuan; bertaratuko dira turismo-sektoreko 50 gonbidatu inguru, tartean agentziak, turoperadoreak eta merkatuko agente nagusiak.

Lan-saio profesionalaren ondoren, Basque Culinary Centerrek koktel bat eskainiko du. Ekitaldi horretan, Japoniako sukaldaritzaren Basque Ambassadors sariak banatuko dira; sari horien bidez, euskal gastronomia Japonian hedatzen eta bi lurraldeen arteko sukaldaritza-loturak sendotzen laguntzen duten profesionalak aintzatesten dira.

Euskadirentzat hazten ari den merkatua

Japonia Euskadirentzat intereseko merkatutzat finkatu da distantzia luzeko helmugen artean. Gaur egun, euskal helmugak Japonian duen ezagutza-maila % 31koa da, eta Japoniako balizko bidaiarien % 24k iritzi positiboa dute.

Merkatuaren bilakaerak erakusten du Japoniako turisten etorrerak hazkunde iraunkorreko joera duela: igoera progresiboak izan dira pandemiaren ondoren nazioarteko turismoa suspertu zenetik, eta hazkundeak erregistratu dira 2023, 2024 eta 2025. urteetako hilabete gehienetan. Euskadik % 0,8ko merkatu-kuotari eusten dio segmentu horretan, zeina distantzia luzeko merkatuen artean nabarmenetakoa baita.

Bisitariaren profilari dagokionez, turista japoniarrek ezaugarri bereziki interesgarriak dituzte helmugarentzat. Nabarmentzekoa da desestazionalizazioari egiten dioten ekarpena: 2025ean, bisiten % 37,09 denboraldi ertain eta baxuan pilatu ziren, ezarritako helburua (% 33) gaindituta; hala, Japonia izan zen hori lortu zuen distantzia luzeko merkatu bakarra. 

Konektibitateari eta hegaldi-bilaketei buruzko datuek ere erakusten dute Japoniako merkatuan Euskadirekiko interes gero eta handiagoa dagoela. Tokio da Euskadira etortzeko bilaketa gehien sortzen dituen hiria, eta, haren atzetik, Osaka. Euskal Herria bisitatzeko interesa duten bidaiari japoniarrek gehien bilatzen dituzten helmugak, berriz, Bilbo eta Donostia dira.

Osakan eta Tokion egindako ekintza hauen bidez, Euskadi Basque Countryk Asiako merkatu estrategikoenetako batean duen presentzia indartzen du. Horrela, sektoreko profesionalekiko zuzeneko harremanaren alde egiten du, bai eta bere nortasun-ikurrak —gastronomia, kultura, paisaia eta kalitate handiko esperientziak— sustatzearen alde ere.

 

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2024 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt