Mazinnekin batera antolatutako ekimena estrategia zabalago baten barruan kokatzen da; horren barnean sartzen da Londres Luton–Bilbo ibilbide berriaren harira Wizz Air konpainiarekin lankidetzan egindako Basque Country Influencer Trip bidaia ere.
Ostegun honetan, apirilaren 16an, Basquetourrek «Euskadiren potentziala bidaiari gazte berriaren aurrean aktibatzea» aurrez aurreko tailerra egin du Donostian, mota horretako profiletan espezializatutako Mazinn agentziaren laguntzarekin. Lan-jardunaldi hori euskal turismo-enpresek sektoreko erronka garrantzitsuenetako baten bidean urrats zehatz bat egin dezaten diseinatu da: Z belaunaldiarekin konektatzea, hain zuzen ere.
Azterlanetik ekintzara
Dinamika parte-hartzaileen eta elkarlanerako guneen bidez garatutako lantegiak jarraipena ematen dio "Euskadi bidaiari berriarentzat" web-mintegiari, eta bertan ikasitakoa praktikara eraman du. Lantegiaren helburua enpresa bakoitzari laguntzea izan da, azterlanean identifikatutako bidaiari gazteen bi profiletara —kulturazaleak eta abenturazaleak— egokitzeko aktiba ditzakeen tresnak identifikatzen.
Goizean zehar, parte hartu duten enpresek hiru ardatz nagusi landu dituzte:
· Beren eskaintza bidaiari gaztearen interes eta itxaropenetara egokitzea.
· Sektoreko beste enpresa batzuekin sinergiak sortzea, proposamen osoagoak eta erakargarriagoak eraikitzeko.
· Komunikazio-estrategia bideragarriak aktibatzea, belaunaldi berrien aurrean beren produktu turistikoaren potentzial osoa ustiatzeko.
Euskadi, nazioarteko bidaiari gaztearen mapan
Tailer hau Basquetourrek profil horretarako garatuko duen estrategia definitzeko prozesuaren barnean kokatzen da. Saio horretan, Z belaunaldiaren jokabidea zein haiek erakartzeko eskakizunak hobeto ezagutzeaz gain, turismo-sektorea inplikatu nahi da eskaintza erakargarri bat eratzeko zereginean.
Aldi berean, Basquetour dagoeneko ari da berariaz profil horri bideratutako ekintzak garatzen. Horren erakusgarri da, esate baterako, influencerrekin antolatutako ezagutza-bidaia, Wizz Air konpainiarekin elkarlanean prestatu dena Londres Luton–Bilbo ibilbide berriaren abiaraztea bide dela.
Martxoaren 30etik apirilaren 2ra bitartean, Basquetourrek nazioarteko eduki-sortzaileen bidaia bat antolatu zuen Euskadin zehar, aipatutako hegaldi berriaren aurkezpena zela bide. Lau egunetan, influencer-ek Bilbo, Donostia eta euskal kostaldea zeharkatu zituzten, Euskadiko aniztasun kulturala, gastronomikoa eta paisajistikoa erakusteko diseinatutako programa baten bitartez.
Ibilbideak hiri- eta natura-bisitak uztartu zituen: ibilbide gidatuak eta txangoak oinez zein bizikletaz hirigune historikoetan, esperientzia gastronomikoak pintxoekin eta sagardotegi tradizional batean, Igeldoko atrakzio-parkea eta Guggenheim Bilbao Museoa bezalako gune ikonikoetara bisitak, eta proposamen bereziak, hala nola Zumaiako flyschean nabigatzea edo Orion traineruan arraun egiteko esperientzia. Hori guztia bertako ostatuetako egonaldiekin eta jatetxe adierazgarrietako otorduekin osatu zen. Horrek ahalbidetu zien sortzaileei Euskadiren identitatea eta potentzial turistikoa islatzen duten eduki benetakoak eta bizipenezkoak sortzea.
Wizz Air-en Londres Luton eta Bilbo arteko konexio berriak, gainera, Erresuma Batuko bidaiari gazte eta hiritarraren profila erakartzeko benetako aukera irekitzen du, hori baita euskal turismoarentzat potentzial handiena duen merkatuetako bat.
Euskadi, Z belaunaldirako prestatua
Bi ekimenek Basquetourren ikuspegi estrategiko argi bati erantzuten diote: bidaiari gaztea ez da etorkizuneko joera bat, egungo aukera baizik. Nazioarteko ikusgarritasunaren (influtrip-aren bitartez) eta tokiko enpresa-sarearen indartzearen (lantegiaren bitartez) arteko konbinazioari esker, belaunaldi berriekin benetan konektatzeko prestatuta egongo den ekosistema turistiko bat eraiki daiteke.