Eskualdeak badu dagoeneko HTA diagnostiko-txosten berria eta 2026-2029 aldirako ekintza-plana
Prozesua hasi zen Uribe eskualdeak HTA (Helmuga Turistiko Adimenduna) diagnostikoari lotutako lanen jarraipena egitea eskatu zuenean. Eskaera horren bidez, segida ematen zaio 2022ko irailean egindako lehen diagnostikotik zehaztu zen HTA ekintza-plana ezartzen jarraitzeko konpromisoari. Lan hori guztia Segittur eta Basquetourren arteko lankidetza-hitzarmenaren esparruan garatzen da; hitzarmen hori da, hain zuzen ere, bi erakundeen arteko elkarlana arautzen duen esparru formala Helmuga Turistiko Adimendunen arloan.
Eskaera onartu ondoren, berrikuspenari ekin zitzaion, helmugak HTA metodologian zer-nolako heldutasuna eta aurrerapena duen neurtzeko. Metodologia horrek 97 eskakizun eta 261 adierazle ditu gaur egun; horiek gaindituta, ekintza-plan berri bat osatzeko gomendio baliotsuak, feedbacka, jasotzen ditu helmugak.
2026an, Uribeko HTA berrikuspen-prozesuak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa izan du, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez. Halaber, helmugan eskumenak dituzten eskualdeko eta udaletako arlo guztien zein eragile pribatuen inplikazioa izan du, HTA berrikuspen honetarako beharrezko informazioa ematen lagundu baitute.
Diagnostikoaren berrikuspena gauzatzeak exekuzio- eta jarraipen-faseari ematen dio segida. Horri esker, metodologiak ezarritako estandarrak mantentzen direla egiazta daiteke, eta, bide batez, HTA programak lortu nahi dituen helburuak bermatzen dira.
Aitorpen horrek hiru urteko balioa du, eta -prozesu berri bat eskatuko du aurrerago; horrenbestez, helmuga etengabeko hobekuntza-prozesu bati lotzen zaio, helburuak eta estrategiak berritzeko eta etorkizuneko ingurunearen beharretara egokitzeko konpromisoa hartuz. Egokitzapen horrek helmugaren balioespen berria ekarriko du, HTA ereduaren oinarri diren gobernantzaren, jasangarritasunaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta irisgarritasunaren bitartez.
Uribe Helmuga Turistiko Adimendunen Sareko kidea da 2022ko ekainetik. Hori lurraldea eraldatzeko helmugak egindako apustuaren erakusgarri argia da, eta eraldaketa hori Helmuga Turistiko Adimendunaren metodologia ezarriz gauzatu da azkenean.
Helmuga Turistiko Adimenduna programa
Helmuga Turistiko Adimenduna HTA programa Turismoko Estatu Idazkaritzak (SETUR) bultzatu eta Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Merkataritza Sozietateak (SEGITTUR) kudeatutako proiektu bat da. Bere xedea helmuga turistikoen lehiakortasuna eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da, bost jarduera-eremutan eraginez: gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna.
Ekimen hau 2012-2015eko Turismo Plan Nazional eta Integraletik sortu zen, eta helmugetan berrikuntzak azkar txertatzea errazteko mekanismo egokiak sortzen ditu.
Helmuga Turistiko Adimenduna helmuga turistiko berritzaile gisa definitzen da. Abangoardiako azpiegitura teknologiko baten gainean finkatuta dago, lurralde turistikoaren garapen jasangarria bermatzen du, guztientzat irisgarria da, bisitariak ingurunearekin duen elkarrekintza eta integrazioa errazten ditu, eta bisitariaren esperientziaren kalitatea zein egoiliarraren bizi-kalitatea hobetzen ditu.
Helburu horiek lortzeko asmoz, HTA programak kudeaketa-eredu bat bultzatzen du, turismo-jardueraren zeharkakotasunari eta helmuga bakoitzaren bereizgarriei erreparatzen diena. Eredu hori 97 eskakizun eta 261 adierazle dituen diagnostiko-metodologia batean oinarritzen da. Metodologia horretatik, ereduaren funtsezko elementuak eratortzen dira (gomendio-sistema, ekintza-plana eta monitorizazio-sistema); eta horrela, helmugaren kudeaketak etengabeko hobekuntza-prozesu bat jarrai dezake, turismoaren egungo eta etorkizuneko erronkei ongi erantzuteko.