Basquetourrek sektoreko profesionalak bildu ditu eskariaren joera berriak aztertzeko, jardunbide egokiak ezagutzeko eta Euskadiko turismo-esperientzien online merkaturatzea hobetzeko.
Pertsonek bidaiak bilatzeko, erreserbatzeko eta gozatzeko duten modua aldatzen ari da. Digitalizazioa, adimen artifiziala eta bidaia aukeratzerakoan esperientziek duten gero eta garrantzi handiagoa turismoaren merkaturatzea eraldatzen ari dira, eta erronka berriak ekartzen dizkiete enpresei nahiz turismo-helmugei.
Euskal turismo-sektoreari testuinguru berri horretara egokitzen laguntzeko asmoz, Basquetourrek Turismoa Merkaturatzeko Jardunaldia antolatu berri du astearte honetan, azaroaren 10ean.
Jardunaldiak sektoreko adituak bildu ditu, eskariaren bilakaera aztertzeko, online salmenta bultzatzen duten faktore nagusiak identifikatzeko eta enpresek beren produktuen posizionamendua eta merkaturatzea kanal digitaletan nola hobetu dezaketen aztertzeko.
Halaber, Basquetourrek jardunaldia baliatu du Euskadiko Grand Tour proiektuaren baitan egiten ari den lanaren ildo nagusiak aurkezteko. Ekimenaren helburua da Euskadiko turismo-esperientzien ikusgarritasuna eta merkaturatzea indartzea.
Aurkezpenean, Euskadiko turismo-esperientzien datu-basea zabaldu eta egituratzeko estrategia azaldu da, baita esperientzia horien posizionamendua kanal digitaletan hobetzeko eta adimen artifizialean oinarritutako ingurune berrietan duten presentzia indartzeko aurreikusitako ekintzak ere.
Jardunaldi honen bidez, Basquetourrek euskal turismo-sektoreari ematen dion babesa indartzen du, ezagutza espezializatua, tresna praktikoak eta truke profesionalerako guneak eskainiz. Horien bidez, Euskadiko turismo-esperientzien lehiakortasuna hobetzea eta merkaturatzearen zein turismo-kontsumoaren dinamika berrietara egokitzea sustatu nahi da.
