Prestakuntza praktiko bati esker, Gipuzkoako profesionalek Adimen Artifizialeko tresnak (hala nola ChatGPT, Gemini edo Copilot) arduraz erabiltzen ikasi dute, eta turismo-arloan beren eguneroko lana hobetzeko aplikazio errealak arakatu dituzte.
Basquetourrek Adimen Artifizial Sortzaileari buruzko eskualdeko lehen tailerra antolatu du Gipuzkoan. Prestakuntza-ekimen horren xedea teknologia berri horiek hainbat sektoretako profesionalei hurbiltzea da, eta, bereziki, turismo-arlokoei. Tailerrak harrera bikaina izan du: eskainitako 15 plazak bete dira, eta, ondorioz, hainbat lagun itxaron-zerrendan geratu dira, Horrek argi erakusten du AAren (Adimen Artifizialaren) aplikazio praktikoekiko interes gero eta handiagoa dagoela ingurune profesionalean.
“ChatGPT eta Adimen Artifizial Sortzaileko beste tresna batzuen hastapen praktikoa” izenburupean, tailerra aurrez aurre gauzatu da bost orduko saio batean. Edukiak hutsetik hasteko diseinatu dira, aurretiazko ezagutzarik izan beharrik gabe. Helburu nagusia Adimen Artifizial Sortzailera modu erraz, eskuragarri eta praktikoan hurbiltzea izan da, eduki teorikoak eta ariketa praktikoak uztartuta.
Jardunaldian zehar, bertaratutakoek aukera izan dute ChatGPT, Gemini eta Copilot tresnekin ohitzeko, baita gorabidean dauden AA Sortzaileko gainerako aplikazioekin ere. Adibideen eta dinamika praktikoen bitartez, benetako hainbat erabilera-kasu eta horiek eguneroko lan profesionalean duten aplikazioa aztertu dira. Hala, agerian geratu da teknologia horiek izugarrizko potentziala dutela hainbat sektoretan –turismoarena barne– eraginkortasuna, sormena eta produktibitatea hobetzeko.
Hurrengo bi hitzorduak maiatzaren 27an Ribabellosan (Araba) eta ekainaren 1ean Getxon (Bizkaia) izango dira; horrela, Euskadiko lurralde guztietan emango zaio jarraipena prestakuntza-ekimen honi.
Ekintza horien bidez, Basquetourrek berrikuntzarekin, gaikuntzarekin eta lehiakortasuna hobetzearekin duen konpromisoa indartzen du. Izan ere, funtsezko teknologiak sare profesionalera hurbiltzen ditu, eta Adimen Artifizialaren erabilera eraginkor, praktiko eta arduratsua sustatzen du Euskadiko turismo-sektorean.