New Yorkeko Espainiako Turismo Bulegoak eta España Verde markak bultzatutako sustapen-ekintzaren bidez, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko kazetari eta preskriptore espezializatuek Euskadiko turismo-eskaintza bertatik bertara ezagutzeko aukera izan
Irailaren 21etik 23ra bitartean, Euskadik Estatu Batuetako komunikabide eta argitalpen espezializatuekin lotutako kazetari- eta profesional-talde bati egin dio harrera, New Yorkeko Espainiako Turismo Bulegoak eta España Verde markak antolatutako prentsa-bidaia baten barruan. Euskadin egon ondoren, taldeak Kantabrian, Asturiasen eta Galizian barrena jarraituko du bere ibilbidea.
Euskadirako diseinatutako programak lurraldearen aniztasuna erakusteko aukera eman du, ondareari, kulturari, gastronomiari, paisaiari eta tokiko bizimoduari lotutako esperientziak uztartzen dituen ibilbide baten bidez. Hiru egunotan, parte-hartzaileek Arabako Errioxako, Donostiako eta Bilboko turismo-baliabide eta interesgune nagusietako batzuk bisitatu dituzte.
Parte-hartzaileen artean nazioarteko hedabide ospetsuetako kazetariak eta kolaboratzaileak izan dira, hala nola Condé Nast Traveler, USA Today, Forbes, Lonely Planet, Tripadvisor eta Wine Enthusiast; baita Estatu Batuetan turismoaren eta gastronomiaren sustapenari lotutako profesionalak ere.
Ekimen hau España Verde markaren sustapen-estrategiaren barruan kokatzen da. Euskadik, Galiziak, Asturiasek eta Kantabriak partekatzen duten ekimen horren helburua da helmugak hobeto ezagutzera ematea preskriptore espezializatuen artean. Hain zuzen ere, gastronomiari, naturari, kulturari eta kalitatezko bidaiei lotutako esperientziek gero eta interes handiagoa eragiten dute.