Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez sustatutako proiektuak aurrera egiten jarraitzen du, balio etikoak turismo-jardueran txertatzeko eta gizarte osora zabaltzeko.
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak 2026ko edizioa amaitu du, eta guztira 850 turismo-erakundek egin dute bat proiektuak sustatzen dituen erantzukizunaren, jasangarritasunaren eta errespetuaren printzipioekin. Kopuru horrek agerian uzten du euskal turismo-sektoreak gero eta inplikazio handiagoa duela pertsonekin eta lurraldearekin arduratsuagoa izango den turismo-eredu kontzienteago eta orekatuago bat eraikitzeko.
Parte hartu duten 850 erakundeetatik, 81 lehen aldiz sartu dira proiektuan, Kode Etikoa ezartzeko ibilbidea behar bezala osatu ondoren. Gainerakoek, berriz, konpromisoa berritu dute, jarraipenaren eta etengabeko hobekuntzaren faseen bidez. Erakunde berriak honela banatzen dira hiru lurralde historikoetan: 18 Araban, 37 Bizkaian eta 26 Gipuzkoan. Parte hartzen duten 850 erakundeen lurralde-banaketari dagokionez, 188 Araban daude, 330 Bizkaian eta 332 Gipuzkoan.
2019an abian jarritako proiektua Turismorako Munduko Kode Etikoa Euskadiko errealitatera, kulturara eta nortasunera egokitzearen emaitza da. Helburua da turismo-arloko enpresek, profesionalek eta erakundeek erantzukizuna eta jasangarritasuna beren eguneroko jardunean txertatzea. Horretarako, sei funtsezko printzipio hartzen dira oinarritzat: elkarrekiko errespetua; berdintasuna aniztasunean; ingurumen-jasangarritasuna; tokiko nortasuna eta kultura; Gizateriaren Kultura Ondarearen babesa; eta sektorearen nahiz haren profesionalen bikaintasuna.
Ekintzetan eta etengabeko hobekuntzan gauzatzen den konpromisoa
Kode Etikoarekin bat egitea ez da aitorpen hutsa, ikaskuntzan, inplikazioan eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako prozesu baten abiapuntua baizik. Horretarako, Basquetourrek prestakuntza, laguntza teknikoa, aholkularitza eta jarraipena uztartzen dituen ibilbidea eskaintzen du, erakundeek Kodearen printzipioak beren eguneroko kudeaketan eta jardunean txertatzeko tresnak eta baliabideak izan ditzaten.
Proiektuaren faseetan zehar, erakundeek prestakuntza espezifikoa jasotzen dute, baita hobekuntza-ekintzak identifikatu eta garatzeko laguntza eta egindako aurrerapenak dokumentatzeko orientazioa ere. Era berean, urtero Jardunbide Egokien Katalogoa jartzen da erakundeen eskura. Katalogoak beste erakunde batzuek gauzatutako jardunbide egokiak biltzen ditu, eta esperientziak nahiz ekimenak partekatzeko aukera ematen die parte hartzen duten erakundeei. Hala, inspirazio-iturri bihurtu da sektore osoarentzat.
Egitasmo honetan Euskadiko turismo-helmugek ere parte hartzen dute. Helmuga horietako talde teknikoek laguntza eta aholkularitza ematen diete parte hartzen duten enpresei eta profesionalei, eta turismo arduratsuari buruzko ikuspegi partekatua lurralde osora zabaltzen laguntzen dute.
Bisitariak eta herritarrak ere partaide egiten dituen proiektua
Kode Etikoarekiko konpromisoa turismo-erakundeetatik harago doa. Turismo-esperientzian parte hartzen duten pertsona guztiak inplikatzea du helburu, eta jokabide arduratsuak sustatzen ditu Euskadi bisitatzen dutenen, bertan bizi direnen eta Euskaditik kanpora bidaiatzen dutenen artean.
Ildo horretan, proiektuak askotariko hartzaileak sentsibilizatzeko hainbat ekimen eta tresna jarri ditu abian:
Horrela, Kode Etikoak enpresak eta profesionalak, bisitariak eta herritarrak ideia beraren inguruan batzen dituen sentsibilizazio-estrategia sendotzen du: turismo arduratsua guztion erantzukizuna da.
Etika Batzordea, hartutako konpromisoaren bermea
Euskadiko Turismoaren Etika Batzordeak funtsezko eginkizuna du parte hartzen duten erakundeek hartutako konpromisoen jarraipena egiteko eta konpromiso horiek betetzen direla egiaztatzeko.
Edizio honetan, Egiaztapen Batzordeak ezarpen-ibilbidea osatu duten 81 erakunde berriek aurkeztutako memoriak aztertu ditu. Horrez gain, jarraipen- eta berritze-zikloetan parte hartzen duten erakundeek hartutako konpromisoak betetzen dituztela gainbegiratu du.
Egiaztapen-fase hori amaitutakoan, dagokion txostena Etika Batzordeari helaraziko zaio. Batzorde horri dagokio erakundeak Euskadiko Etika Erregistroan behin betiko sartzea baliozkotzea. Baliozkotze hori 2027ko lehen hiruhilekoan egitea aurreikusten da.
Balantze berri honekin, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak sektore osoak partekatutako proiektu gisa duen zeregina indartzen du. Jardunbide egokiak bultzatzeaz gain, errespetuan, jasangarritasunean eta bizikidetzan oinarritutako turismo-eredua sustatzen laguntzen du.
Guztion konpromisoa, Euskadirako nahi dugun turismoa elkarrekin eraikitzen jarraitzeko.