Euskadi Basque Country Londresko World Travel Market (WTM) azokan parte hartzen ari da egunotan, turismoaren sektoreko nazioarteko hitzordu nagusietako batean, Euskadiko sei turismo-enpresarekin batera.
Euskadi Basque Countryk beste urte batez parte hartzen ari da Londresko World Travel Market (WTM) azokan. Azaroaren 3tik 5era bitartean egiten ari da, Excel London erakustazokan. Turismoaren sektoreko nazioarteko azoka garrantzitsuenetako bat da WTM, eta plataforma estrategikoa eskaintzen du turismo-helmugak eta -produktuak sustatu eta merkaturatzeko, harreman profesionalak ezartzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko.
Profesionalei zuzendutako topaketa da, eta mundu osoko turismo-helmugak, turismo-enpresak, touroperadoreak, bidaia-agentziak eta erosleak biltzen ditu. Aurtengo edizioan 46.000 parte-hartzaile baino gehiago biltzea aurreikusten da, 180 herrialde baino gehiagoren ordezkaritzarekin.
Euskadi hitzordura joan da sei turismo-enpresarekin batera: S.T.I. Servicios Turísticos Integrales, Visit Rioja Alavesa DMC, Bookroad Travel, Basquelanders, Basquelands Way eta Silken Hoteles. Euskadiko turismo-sektorearen parte-hartze bateratuak nazioartean turismo-eskaintza askotarikoa eta kalitatezkoa ezagutarazteko aukera ematen du, baita harreman komertzialak sustatzeko eta negozio-bide berriak irekitzeko ere.