Euskadiko hamaika turismo-enpresa eta -erakundek parte hartu zuten jardunaldi profesionalean, eta bertan helmugaren aurkezpena egin zuen Daniel Solanak.
Euskadiko hamaika turismo-enpresa eta -erakunde Suitzako agentzia, turoperadore eta turismo-sektoreko profesionalekin bildu ziren Züricheko Papiersaal aretoan, Basquetourrek antolatutako ekitaldi batean, Espainiako Turismo Bulegoak Suitzan duen ordezkaritzaren lankidetzarekin. Topaketak banakako bilerak eta helmuga-aurkezpena uztartu zituen. Banakako bilerei esker, merkataritza-harreman berriak sortzeko eta proposamenak partekatzeko aukera izan zuten bertaratuek.
Parte hartu zuten euskal enpresa eta erakundeak honako hauek izan ziren: Basque DMC's, Bizi Cycle Tours, Carlton hotela, Ercilla hotela, Maria Cristina hotela, The Artist hotela, Kora Living, Lasala Plaza-Zinema7-Bellas Artes, Local Expert Tours, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea eta STI Servicios Turísticos Integrales.
Bileretan, euskal ordezkariek kulturari, gastronomiari, naturari, hiri-turismoari eta goi-mailako turismoari lotutako esperientziak eta produktuak aurkeztu zituzten; izan ere, arlo horiek gero eta interes handiagoa pizten dute Suitzako bidaiarien artean.
Jardunaldiaren barruan, Euskadi helmugaren eta erakundearen aurkezpen instituzionala ere egin zen. Basquetourreko zuzendari nagusi Daniel Solanak Euskadiko turismo-eskaintzaren aniztasuna eta helmugak Suitzako merkatuarentzat dituen erakargarritasun nagusiak ezagutarazi zituen.
Ekintza honen bidez, Basquetourrek Euskadi nazioarteko merkatuetan sustatzen eta helmugaren merkaturatzea indartzen jarraitzen du. Horrekin batera, negozio-aukera berriak errazten dizkie euskal turismo-enpresei, Euskadirentzat estrategikoak diren merkatuetan.