Daniel Solanak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, saria jaso zuen Waldorf Astoria hotelean egindako ITB Diversity Gala ekitaldian.
Euskadi ITB LGBTQ+ Tourism Award sariarekin aintzatetsi berri dute 2026ko ITB Diversity Galan. Ekitaldia martxoaren 5ean, ostegun gauean, egin zen Berlingo Waldorf Astoria hotelean, ITB Berlin nazioarteko turismo-azokaren testuinguruan.
Basquetourreko zuzendari nagusi Daniel Solanak euskal helmugaren izenean jaso zuen saria, mundu osoko LGTBIQ+ turismoko profesional, erakunde eta liderrez osatutako talde hautatu baten aurrean. Aintzatespen horrek LGTBIQ+ turismoarekin konpromiso jasangarri eta sendoa erakusten duten helmugak eta hornitzaileak saritzen ditu.
Ekitaldia IGLTA (International LGBTQ+ Travel Association) Fundazioarekin elkarlanean dago antolatuta. Izan ere, erakunde horrekin aliantza estua du ITB Berlinek, turismo inklusiboa maila globalean bultzatzeko.
Euskadiren presentzia nabarmena ITB Berlineko ‘LGBTQ+ Tourism Pavilion’-en
Azokak iraun dituen hiru egunetan (martxoaren 3tik 5era), Euskadik presentzia aktiboa izan du LGBTQ+ Tourism Pavilion eremuan. Gune hori Diversity Tourism GmbH eta Queer Destinations-ekin elkarlanean antolatu da, eta ekimeneko esparru dinamikoenetako bat bilakatu da. Euskadik erakusmahai propioa izan du Queer Destinations-en txokoan; bertatik, arreta profesionala eskaintzeaz gain, sustapen-materiala banatu da.
Astearteko jardunaldia LGBTQ+ Media Brunch hitzorduarekin hasi zen; harremanak estutzeko ekintza horretan, helmugek, hedabide espezializatuek eta pabiloiko bazkideek segmentuaren bilakaera markatzen ari diren joerak eta proiektuak partekatu zituzten. Ekimenean, Euskadik bere posizionamendua indartzeko aukera izan zuen nazioarteko LGTBIQ+ turismoko funtsezko eragileen aurrean.
Asteazkenean, berriz, Daniel Solanak hizlari gisa parte hartu zuen “Beyond Pride: Designing Tourism for the Full Spectrum of LGBTQ+ Travellers” mahai-inguruan, nazioarteko adituekin batera. Aurretik, Basquetourrek aurkezpen instituzional bat egin zuen pabiloiko agertokian; bertan, gure helmugaren indargune turistikoak azaldu zituen Solanak.