Basquetourrek euskal turismo-eskaintza aurkeztu die luxuzko bidaietan espezializatutako 15 bidaia-antolatzaileri, turismo-sustapena, gastronomia eta merkataritza-aukerak uztartu dituen topaketa profesional batean.
Euskadi Basque Countryk Hong Kongen amaitu du egunotan Txinan gauzatutako turismo-sustapen egitasmoa. Ekimenaren azken hitzorduan, Euskadiko turismo-sektoreko ordezkaritza luxuzko bidaietan espezializatutako 15 bidaia-antolatzailerekin bildu da, eta goi-mailako turismo-segmentuari zuzendutako euskal eskaintza aurkeztu die.
Topaketa Sheraton Hong Kong Hotel & Towers hotelean egin da. Lehenik, Euskadi turismo-helmuga gisa aurkeztu da; ondoren, bazkaria egin dute, eta, amaitzeko, harreman profesionalak lantzeko saioa egin da Hong Kongeko turismo-sektoreko eragileekin.
Jardunaldiari esker, Euskadiren bereizgarri nagusiak ezagutarazi ahal izan dira: kulturaren berezitasuna, gastronomia-eskaintzaren kalitatea, paisaien aniztasuna eta lurraldeari lotutako esperientzia esklusibo eta pertsonalizatuak eskaintzeko gaitasuna.
Gaurko jardunaldi honen bidez, Basquetourrek Euskadi turismo-helmugaren ezagutza sendotu nahi du Hong Kongeko turismo-bitartekarien artean, harreman profesional berriak ezarri eta euskal turismo-esperientziak erosahalmen handiko bezeroekin lan egiten duten bidaia-antolatzaile espezializatuen programazioan txertatzea sustatu.
Hong Kongeko aurkezpenak amaiera eman dio Turespañak Hangzhoun antolatutako jardunaldi zuzenetan parte hartzearekin hasitako agendari. Bidaia horrek Shanghain eta Guangzhoun egindako merkataritza-bisitekin eta topaketa profesionalekin izan du jarraipena.
Euskadiko bost turismo-enpresak parte hartu dute bidaian: Hotel Carlton & Hotel Abando, Palacio Arriluce Hotel, The Artist Hotel, ROMOTUR eta NIS. Haien parte-hartzeari esker, ostatuaren, helmugako harrera-zerbitzuen eta turismo-esperientzien arloko proposamen zehatzak aurkeztu ahal izan zaizkio Txinako merkatuari. Horrela, ekimenaren ikuspegi praktikoa eta merkataritza-izaera indartu dira.
Basquetourren lanean jarraitzen dugu Euskadi nazioartean kalitatezko turismo-helmuga gisa kokatzeko: nortasun propioa duen eta goi-mailako turismo-segmentuaren eskariari erantzuteko gai den helmuga gisa, hain zuzen ere.
