Galiziak, Asturiasek, Kantabriak eta Euskadik osatzen duten turismo-markak sustatutako ekintzak gastronomian, naturan, kulturan eta benetako esperientzietan oinarritutako proposamen turistikoa hurbildu dio Mexikoko merkatuari.
Euskadik parte hartu du Monterreyn (Mexiko) NORTE DIEM ekimenaren aurkezpenean. Ekintza sustatzaile hori España Verde markak bultzatu du. Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadi biltzen dituen turismo-markaren helburua da Kantauri itsasertzeko lurraldeen turismo-baliabideak nazioarteko merkatuetan batera sustatzea.
Topaketak turismo-sektoreko profesionalak, komunikabideetako ordezkariak eta iritzi-sortzaileak bildu ditu, España Verde osatzen duten helmugek eskaintzen dituzten esperientzien aniztasuna ezagutarazteko eta Mexikoko merkatuan duten presentzia indartzeko.
Aurkeztutako proposamenak natura, kultura, gastronomia eta ondarea uztartzen dituen lurraldea erakutsi du, bidaiatzeko modu berezi baten adierazgarri. Galiziako paisaia atlantikoetatik eta Asturiasko mendietatik hasi, Kantabriako herri xarmagarrietatik igaro eta Euskadiko gastronomia-kultura ospetsuraino, lau lurraldeek funtsezko ezaugarri berak partekatzen dituzte: lurraldearekiko lotura estua, tradizioekiko errespetua eta bidaiari ororen egonaldia esperientzia gogoangarri bihurtzen duen abegikortasuna.
Jardunaldiko une nabarmenetako bat Nacho Manzano asturiar sukaldariak eskainitako esperientzia gastronomikoa izan da. Michelin gidan hiru izar dituen sukaldariak Galiziako, Asturiasko, Kantabriako eta Euskadiko produktu eta tradizioetan inspiratutako ibilbide gastronomikoa proposatu du.
Monterreyn egindako aurkezpenak Mexikoko turismo-sektoreko profesionalei benetakotasunean, paisaia- eta kultura-aniztasunean, bikaintasun gastronomikoan eta jasangarritasunean oinarritutako eskaintza ezagutzeko aukera eman die. Balio horiek guztiek egiten dute España Verde Europako turismo-proposamen berezienetako bat.
