Petra Sparrer kazetariak Basquetourek, Frankfurteko Espainiako Turismo Bulegoak eta Bilboko nahiz Donostiako turismo-bulegoek lankidetzan antolatutako prentsa-bidaia batean parte hartu du.
Euskadik Petra Sparrer kazetari eta bidaia-idazlearen bisita jasatzen ari da egun hauetan; idazlea gure helmugan zehar dabil, Alemania, Austria eta Suitzako merkatuetan erreferentzia nagusietako bat den Michael Müller Verlag argitaletxe alemaniarraren San Sebastián & Bilbao gida eguneratzeko lanetan.
Bere egonaldian, idazlea hiri jomuga nagusiak zein lurraldeko beste gune batzuk arakatzen ari da, Euskadiri buruzko ikuspegi oso eta eguneratua eskaintzeko asmoz. Ibilbideak Bilbo eta Donostia bezalako hiriak naturaguneekin, kultura-baliabideekin eta kostaldeko zein barnealdeko herriekin uztartzen ditu, horrela helmugaren aniztasuna eta aberastasuna islatuz.
Eguneratze horrek bide emango du Erdialdeko Europako publikoari benetakotasunean, identitatean eta esperientziaren kalitatean oinarritutako proposamen turistiko bat helarazteko, nazioarteko bidaiariek gero eta gehiago baloratzen dituzten elementuak baitira.
Gidaren edizio berria argitaratzeaz gain, bidaiak hedabide eta kanal digitaletarako edukiak ere sortuko ditu. Horrenbestez, ekintzaren irismena zabalduko da eta Euskadik merkatu horietan duen posizionamendua indartzen lagunduko du.
Prentsa-bidaia (press trip delakoa) Basquetourrek antolatu du, Frankfurteko Espainiako Turismo Bulegoarekin nahiz Bilboko eta Donostiako turismo-bulegoekin elkarlanean, helmugaren nazioarteko sustapen-estrategiaren esparruan.
Mota honetako ekimenek Euskadiren presentzia merkatu estrategikoetan finkatzen laguntzen dute, balio handiko preskriptoreen bidez. Era horretan, eduki espezializatuak sortuz, benetakotasuna, jasangarritasuna eta esperientziaren kalitatea bilatzen dituen turismo arduratsua erakartzea bultzatzen da.