Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendariak helmuga-aurkezpen batean parte hartu du Hungarian, Budapest eta Bilbo arteko zuzeneko hegaldi berria dela eta.
Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismo eta Ostalaritza zuzendariak helmuga-aurkezpen batean parte hartu du ostegun honetan, apirilak 9, Budapesten (Hungaria). Ekitaldia Vienako Espainiako Turismo Bulegoak antolatu du, Budapest eta Bilbo arteko zuzeneko hegaldi berria abian jarri dela eta.
Ekitaldiak turismo-sektoreko 50 profesional inguru bildu ditu —bidaia-agentziak, touroperadoreak eta komunikabide espezializatuak—, eta Errioxako eta Kantabriako ordezkariak ere bertan izan dira. Horrela, Kantauri isurialdeak eskaintza bateratua sendotu du Europa erdialdeko merkatuaren aurrean.
Aurkezpenaren helburu nagusia Euskadi Basque Country helmuga sustatzea izan da merkatu horretan, kontuan hartuta bertan interes handia dagoela helmuga autentiko eta bereiziekiko. Budapest eta Bilbo lotzen dituen aire-konexio zuzen berria aukera estrategikoa da Euskadi hungariar bidaiariengana eta inguruko herrialdeengana hurbiltzeko.
Basquetourrek nazioarteko merkatuetan duen presentzia indartzen jarraitzen du, eta lanean ari da Euskadira datozen merkatu igorleak dibertsifikatzeko.
