“Turismo arduratsua, jasangarria, lehiakorra eta inklusiboa sustatzen jarraituko dugu, eta merkataritzak gure babesa izango du jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emateko”, adierazi du Gonzalezek
Cristina González Calvarrek gaur hartu du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu kargua, Imanol Pradales lehendakaria buru izan duen ekitaldian, Ajuria Eneko Jauregian. Gonzálezek sailaren ardura hartu du, Javier Hurtadoren lekukoa hartuta.
Kargua hartu ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak lankidetza indartzen jarraitzeko asmoa duela adierazi du. “Eusko Jaurlaritza, Aldundia, kuadrillak eta udalak ekarrekin aritu gara arraunean, elkarlanean jardun dugu eta turismoaren eta merkataritzaren sektoreak aintzat hartu ditugu. Horrela lan egiten dut nik eta horrela lan egiten jarraituko dut, elkarlanean eta akordioak bilatuz”, adierazi du.
Era berean, Cristina Gonzálezek turismoak eta merkataritzak duten garrantzia azpimarratu du, Euskadiko BPGri % 18ko ekarpena egiten baitiote, eta enpleguaren % 25 inguru hartzen baitute, 248.000 pertsona baino gehiago enplegatuz. “Turismo arduratsua, jasangarria, lehiakorra eta inklusiboa garatzen jarraituko dugu”, esan du, “eta merkataritzak gure babesa izango du aurrerapauso kualitatiboa eta kuantitatiboa emateko”, erantsi du.
Azkenik, gogorarazi du datozen hilabeteak “biziak” izango direla legegintza-jardueran ere; izan ere, lege berriak prestatu eta aurkeztuko dira Turismoaren eta Merkataritza Jardueraren arloan eta Kontsumitzaileen Estatutuaren erregelamendu-garapena egingo da.
Cristina González Politika Zientzietan eta Soziologian lizentziatua da, eta Europar Batasuneko eta Ekialdeko Europako Ikasketa Aurreratuetan diploma du. Eusko Jaurlaritzako sailburu berri gisa kargua hartu aurretik, González lehen diputatu nagusiordea eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren foru-diputatua izan da Arabako Foru Aldundian 2015etik. Gainera, UNEDeko irakaslea eta Lezako Udaleko zinegotzia da. Era berean, PSE-EEko batzarkidea izan zen 2007 eta 2011 artean, eta Batzar Nagusietan bozeramailea 2011tik 2015era. Horrez gain, legebiltzarkidea izan zen 2009 eta 2012 bitartean.
