Guztira 40 profesionalek parte hartu dute saioan; bertan, besteak beste, Jardunbide Egokien Katalogo berritua aurkeztu da.
Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa proiektua eguneratzeko urteko birziklatze-jardunaldia egin berri du. Topaketa lurraldeko 29 turismo-helmugatako profesionalei zuzenduta egon da, eta 40 parte-hartzaile bildu ditu; saioak konpromisoa, eguneratzea eta etengabeko hobekuntza izan ditu ardatz.
40 parte-hartzaile horiek helmugen teknikariak dira, eta egunerokoan turismo-enpresei laguntza, aholkularitza eta babesa ematen diete Kode Etikoa ezartzeko prozesuan. Haien lana funtsezkoa da turismo arduratsuaren balioak enpresa-sarera helarazteko eta printzipioak ekintza zehatz bihurtzeko.
Prestakuntzaren helburu nagusia Kode Etikoaren ezarpena eta jarraipen homogeneoa indartzea izan da inplikatutako turismo-erakunde guztien artean, horrela Euskadin turismo arduratsuaren ikuspegi partekatua finkatuz. Jardunaldian zehar, proiektua euskal turismo-estrategiaren barruan kokatu da, eta lehiakortasuna hobetzeko beste programa batzuetarako sarbide gisa duen papera azpimarratu da.
Ildo horretan, nabarmendu denez, Kode Etikoari aktiboki atxikitzea jasangarritasun, errespetu eta ardura balioekiko konpromisoa izateaz gain, funtsezko baldintza da turismo-lehiakortasuna hobetzeko etorkizuneko proiektuetan parte hartzeko.
Era berean, Kode Etikoa ezartzeko aurreikusitako metodologia berrikusi da, eman beharreko pausoak eta garapena errazteko eskuragarri dauden tresnak azalduz. Aurten prestakuntzaren alorrean egon diren berrikuntzen artean, goi-zikloan diharduten erakundeei zuzendutako ikastaro berria nabarmendu da: Irisgarritasuna turismo-instalazioetan: hobekuntza txikiak, eragin handia. Proposamen horrek sektoreak inklusioarekin eta pertsona guztien esperientzia hobetzearekin duen konpromisoa sendotzen du.
Jardunaldiko beste une garrantzitsu bat Jardunbide Egokien Katalogo berriaren aurkezpena izan da. Katalogo hori 2020 eta 2025 urteen artean parte hartu duten erakundeek osatutako memorietan jasotako ekimenetatik abiatuta prestatu da. Katalogoak, gainera, irudi berritua estreinatu du, eta inspirazio-iturri nahiz erreferentzia izango da sektoreko kalitate- eta ardura-estandarrak hobetzen jarraitzeko.
Azkenik, bertaratutakoei gogorarazi zaie proiektuarekin zerikusia duen dokumentazio guztia eskuragarri egongo dela Basquetour Learning-eko kudeaketa-profilen bidez, baliabideak, tresnak eta laguntza-materialak eskuratzea erraztuz.
Horrelako ekimenen bidez, Basquetourrek berretsi egin du euskal turismo etikoagoa, lehiakorragoa eta jasangarriagoa eraikitzeko duen lidergoa, etengabeko prestakuntzan eta helmugen arteko lankidetzan oinarrituta.