• SUSTAPEN ETA MERKATURATZE TURISTIKOA
Euskadik golf eskaintza sustatu du International Golf Travel Market (IGTM) 2025 azokan
Gaur, urriak 23, amaitu da Euskadi Basque Countryk, bigarren urtez jarraian, mundu mailako golf turismoaren arloko ekitaldi garrantzitsuenetako batean izan duen parte-hartzea.
																			Euskadik International Golf Travel Market (IGTM) 2025 azokan parte hartu du, Cannesen urriaren 20tik 23ra, golf turismoaren arloan helmuga erakargarri eta lehiakor gisa kokatzeko helburu nagusiarekin.
IGTM azoka funtsezko hitzordua da golf turismoaren sektoreko profesionalentzat. Plataforma estrategikoa eskaintzen du merkataritza-harremanak ezartzeko, negozio-aukerak sortzeko eta merkatuko azken joerak ezagutzeko. 1998az geroztik, azoka profesional honek urtero biltzen ditu 1.300 bidaia-agente, touroperadore, helmuga eta golf-konplexu espezializatu baino gehiago.
Euskadi Basque Country, The land of great CHAMPIONS
Euskadi stand korporatibo batekin egon da azokan, Euskadi Basque Country markaren babespean eta The land of great CHAMPIONS (TXAPELDUN handien lurraldea) leloarekin. Helburua da sektoreko profesionalen arreta bereganatzea eta helmuga lehiakor eta kalitatezko gisa indartzea.
Alde batetik, Basquetourrek 50 bilera inguru egin ditu golf arloan espezializatutako touroperadore eta bidaia-agentziekin. Lehentasunezko merkatuetatik (Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Herbehereak, Suedia, Polonia eta Luxenburgo esaterako) etorritako ordezkariekin egindako bilera horiek balio izan dute Euskadiko golf-eskaintza aurkezteko eta lankidetza-aukera berriak aztertzeko.
Bestalde, golf produktuan aditua den STI euskal agentzia hartzaileak, sektoreko profesionalekin topaketa-agenda burutu du ere, eta, horrela, helmugaren presentzia indartu eta merkataritza-kontaktu sarea zabaldu du.
Euskadiko Golf Turismoko Sarea
Euskadiko Golf Turismoko Sarea sektoreko 16 eragilek osatutako lantaldea da, besteak beste, Basquetour, Euskal Turismoaren Agentzia, 11 golf-zelai, 3 agentzia hartzaile (DMC) eta Euskadiko Golf Federazioa.
Talde horrek koordinatuta lanean dihardu, urteko ekintza-plan baten bidez, hiru helburu nagusirekin:
- Euskadiko golfarekin lotutako azpiegitura turistikoa hobetzea.
 - Euskadi segmentu horretan espezializatutako helmuga gisa kokatzea.
 - Lurraldeko eskaintza turistikoa dibertsifikatzea.