• LEHIAKORTASUNA
Euskadik turismo jasangarri eta berritzailea bultzatzen du: 18 enpresek lortu dute UNE 178510 ETI ziurtagiria
Aitortzaz harago, ziurtagiri horrek benetako pizgarria dakar enpresentzako; euren jardunbideak moldatzen, berritzen eta zerbitzuak hobetzen ikasi dute, bezeroentzako esperientzia jasangarriagoak, inklusiboagoak eta pertsonalizatuagoak eskaini ahal izateko.
																			Euskadik modernizaziorako, jasangarritasunerako eta turismo-bikaintasunerako urrats irmoa eman du, UNE 178510 Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) araua ezartzeko proiektuaren lehen edizioa burutu ondoren. Basquetourren eskutik, Euskadiko 18 enpresek arrakastaz lortu dute ziurtagiri hori, horrenbestez, berrikuntzarekin, irisgarritasunarekin, iraunkortasunarekin eta datuen erabilera adimendunarekin duten konpromisoa erakutsiz.
Proiektua, hainbat hilabetetan garatua, Euskadiko turismoaren eraldaketa digital eta iraunkorra gidatzeko Basquetourrek abiatutako estrategiaren baitan txertatzen da. UNE 178510 arauak kudeaketa eraginkorra, berrikuntza, irisgarritasun unibertsala eta iraunkortasuna sustatzeko ingurua eskaintzen du; helburu nagusia lehiakortasuna eta bisitarien esperientzia hobetzea da.
Araban, ziurtagiria lortu dute Arabako Errioxako Turismoak, Vitoria-Gasteizko Turismo Bulegoak eta Europa Jauregiak.
Bizkaian, berriz, honako hauek izan dira aitortuak: Ilunion Bilbao Hotela; Tourné Bilbao; Romotur; Plaza Zirkularreko eta Guggenheim Bilbao Museoaren Turismo Bulegoak; Nafarrola Hotela, Busturialdea-Urdaibain; Punta Begoña eta Fangaloka Style, Getxon; eta, Izarza Jatetxea Uriben.
Bestalde, Gipuzkoan, ziurtagiria eskuratu dute Oiasso Erromatar Museoak eta Jauregi Hotelak, Bidasoan; Arantzazuko Turismo Bulegoak, Debagoienan; Donostiako Turismo Bulegoak; D’Elikatuz-ek; eta, Zeraingo Turismo Bulegoak, Goierrin.
Banaketa askotariko honek enpresa turistiko adimendunaren eredua sektoreko profil ezberdinetara —ostatu eta jatetxeetatik hasi, eta museo eta turismo bulegoetaraino— eta euskal lurralde osora zabaltzeko borondatea islatzen du.
Ziurtagiri honekin, Euskadik turismo adimendunaren erreferente gisa duen posizioa indartzen du; hots, turismo-sustapenaz harago, teknologia, datuak, irisgarritasuna, iraunkortasuna eta herritarren parte-hartzea ere aintzat hartzen dituen eredua. Gainera, egitasmo hau, UNE 178501 Turismo Helmuga Adimenduna (THA) arauarekin bat egiten du, ondorioz, enpresak eta helmugak ekosistema koherente eta estrategiko batean integratzea erraztuz.
Aitortzaz harago, ziurtagiriak benetako pizgarria dakar parte hartu duten enpresentzat; hauek moldatzen, berritzen eta zerbitzuak hobetzen jakin dute, esperientzia jasangarriagoak, inklusiboagoak eta pertsonalizatuagoak eskaintzeko.
Datozen urteetan, Basquetourrek deialdi berriekin jarraitzea aurreikusten du, ziurtagiria lortuko duten helmugen eta entitateen kopurua handitzeko.