Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   COVID 19

Sonia Pérez Ezquerra sailburua buru izan da turismoaren sektorearekin egindako bileran, COVID-19ak dakartzan ondorioak eta neurriak azaldu, aztertu eta eztabaidatzeko

" Bileran, sektore turistikoaren laguntzarekin Saila egiten ari den eragin ekonomikoari buruzko txostenaren inguruan orain arte ateratako ondorioak partekatu dira. " Turismo Sailak eskerrak eman dizkio sektoreari bere inplikazio eta lankidetzagatik, eta krisiari aurre egiteko gauzatutako ekintzak eta etorkizunerako neurriak jakinarazi dizkio.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muelarekin eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Goyo Zurrorekin batera, bilera bat egin du, bideokonferentzia bidez, sektore turistikoaren ordezkariekin, COVID-19ak sortutako egoera aztertzeko. Bertan izan dira hainbat elkartetako ordezkariak, besteak beste, turismo-ostatukoak eta ostalaritzakoak, bidaia-agentzietakoak, ekitaldiak antolatzeko enpresetakoak, gidari turistikoenak eta turismo aktibokoak.

Sailburuak, lehenik eta behin, COVID-19aren ondorioz dekretuz ezarritako osasun-alarma dela-eta Sailak gauzatutako ekintzak azaldu ditu. Turismo Mahaiak sektorearen egoera aztertzeko hasierako deialdia egin zuenetik, protokolo espezifikoak eta online plataforma bat sortu dira datuak biltzeko eta eragin ekonomikoa ebaluatzeko.

Halaber, sektorearentzako laguntzei buruzko hainbat informazio igorri dira, baita Alarmari buruzko Errege Dekretuko neurriei eta ordutik aurrera abian jarritako neurri ekonomikoei eta lan-arlokoei buruzko informazio argigarria ere. Kontsumobideren informazio-ohar batzuk ere landu dira, besteak beste, bidaiak, bidaia konbinatuak eta ekitaldiak ezerezteari buruzko zalantzak argitzeko.

Egunero erantzuten zaion postontzi bat jarri da abian sektoreko profesionalek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Gainera, Saileko ordezkariek turismoko bilera sektorialetan parte hartu dute Ministerioarekin eta gainerako autonomia-erkidegoekin, eta, ondoren, sektoreari konklusioak bidali dizkiote.

Krisi-garai hauetan, Turismo Saila zuzenean koordinatu da aldundiekin eta hiru hiriburuetako zinegotziekin, eta guardiako hotelen sare bat ezarri du funtsezko zerbitzuetako langileei ostatu emateko. Gaur egun, Elkargirekin lankidetzan dihardu, langile propioen eta sektorekoen bidez, laguntzak tramitatzeko. 

Ildo horretatik, batez ere autonomoei zuzendutako laguntzen bilduma egin da, eta sektoreari aurkeztu zaio. Horrez gain, Sailak beste neurri batzuk aurreratu ditu.

Datuak biltzeko online plataforma

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila Covid-19ak sektore turistikoan duen eragin ekonomikoa neurtzen duen online tresnaren bidez bildutako datuak aztertzen aritu da. Tresna hori martxoaren 12an egindako Turismo Mahaian aurkeztu zitzaion sektoreari, eta, hortik aurrera, ostatuei, bidaia-agentziei, biltzarren egoitzei, gidari turistikoei eta ekitaldiak antolatzeko enpresei bidali zitzaien, euren elkarteen bitartez.

Online plataforma bat da, sektore bakoitzaren arabera pertsonalizatutako galdetegi bat duena, eragin ekonomikoa neurtzen lagunduko duten kategoriak ezartzeko; esate baterako, ezerezteen kopurua (room nights, ekitaldiak, kongresuak… direla ere); ekitaldiak beste data batzuetan kokatzea; enpleguaren gaineko eragina; hirugarren enpresen gaineko eragina; etab. Gaur aurkeztu zaizkio datuak sektoreari (oraindik eguneratzen ari dira). Datu horiek baliagarriak izango dira COVID-19aren eraginaren irudi bat emateko. 

Sailburuak gogorarazi nahi izan du Saretour sareak garrantzi berezia duela une honetan gobernantza, koordinazio eta lankidetza publiko-pribatuaren adibide gisa. Krisitik ateratzeko, sektorearen eta administrazioen arteko lankidetza eta informazio-trukea inoiz baino gehiago hobetzen lagundu dezakeen proiektu estrategikoa da.

2019ko laguntzen egoera eta ildo estrategikoak

Bilerak balio izan du, halaber, sektoreko ordezkariei 2019ko laguntzen ordainketen egungo egoera azaltzeko, baita beste erakunde batzuekin gogoeta partekatuan aurrera egiteko ere sektorearen benetako beharren inguruan, laguntza motei, kanpainei, sustapenari eta beste instituzio batzuekiko elkarrizketei dagokienez, jarduera berreskuratzeari begira.

Dagoeneko, Saila hainbat kanpaina egiten ari da COVID-19aren krisiaren ondoren berreskuratuko den turismoaren irudi positiboa eskaintzeko.

Erakundeen arteko gainerako lankidetzez gain, NECSTour-ek antolatutako COVID-19 and EU Tourism Destinatios: impacts and responses bilera birtualean parte hartu du Sailak, eskualdeetako 80 eragile baino gehiagorekin batera. Bilera horretan, urte amaierara arte gauzatu daitezkeen ekintzen egutegi bat egin da, COVID-19ari turismoaren ikuspegitik aurre egiteko. Neurri horien artean daude, besteak beste, krisi-kabinete bat sortzea edota herritarrekin partaidetza-ekintzak, sustapen espezifikoak edo laguntza-lerro espezializatuak abiaraztea. Kide guztiek batera egin dute lan Europar Batasunera bidaltzeko manifestu batean.

Sektorearekiko koordinazioa eskertzea

Sektoreak, bestalde, informazioa igorri eta biltzean izandako koordinazioa eskertu du, baita Sailarekiko lankidetza ere. Horregatik, Saretourren bidez biziro lankidetzan jarraitzeko eta bilketa plataformari datu berriak emateko eskaini dira. Bai sektorea, bai Saila pozik agertu dira Sailaren eta 11 elkarteren artean lantalde hori sortu izanagatik. Hain zuzen, talde hori mantendu egingo da laguntzetan, kanpainetan eta beste erakunde batzuekiko elkarrizketetan aurrera egiten jarraitzeko, beharren arabera.

Guztiak bat etorri dira krisitik irteteko, ziurrenik, abiadura desberdinak egongo direla. Bidai-agentziak beldur agertu dira egoera ez ote den luzatuko alarma-egoera amaitu eta haratago, beste herrialde batzuen egoeraren arabera egongo baita hori neurri handi batean. Ostalaritzak eta hotelek, bestalde, aldaketak aurreikusten dituzte izango dugun erlazionatzeko moduan. Hain ustez, horrek berekin ekarriko du establezimenduetan egokitzapenak egitea, baita kongresu eta ekitaldietan ere (eskakizun handiagoak higiene-protokoloetan, edukierari dagokionez…). Horregatik guztiagatik, gehienen iritzian, eragin ekonomikoa ez da itxialdira mugatzen, etorkizuneko aldaketetara ere zabalduko baita.

Bestalde, Sailak turismo aktiboko agentziekin lan egitea proposatu du, barne-turismoa erreskatatzeko lehen aukera gisa, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainen bidez. Beste konpromiso bat da Ministerioari helaraztea azterlan bat egin behar dela, hegazkin-konpainien eta turismoaren arloan igorle diren gainerako merkatuen etorkizuneko aurreikuspenak, ospea eta eraginkortasun-aurreikuspena neurtzeko.

Gainera, etorkizunerako protokolo bat lantzen hasiko da establezimenduei, kongresuei eta ekitaldiei begira, konfinamenduaren ondorengo faseetako eskakizun berrietara egokitzeko (COVID 0 eguna). Ildo horretatik, nahitaezkoa da EAEko Turismoaren Kode Etikoan aurrera egitea eta kode horretan jasotzea balio eta lan-ildo berberei jarraituko dien sektoreko itun nagusi bat. Azkenik, Sailak badaki beharrezkoa dela erakunde horien egituran laguntzea. Hortaz, erakunde horiei eusteko eta iraun dezaten laguntzeko konpromisoa hartu du.

 

Martxoa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31