Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   2023 AURREKONTUAK

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontu arrunta % 22,8 handitu da 63,9 milioira arte

Ohiko aurrekontuaz gain Sailak Next Generation funtsen aparteko 30 milioi izango ditu gutxienez eta horrek gutxienez 94 milioi eurora igoko du aurrekontua.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Sailaren aurrekontuaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur: 63,9 milioi, hau da, % 22,8 gehiago. Aurrekontu horren barruan dago Next Generation funtsen zati txiki bat: merkataritzan 4,1 milioi funts teknologikoaren laguntzetarako eta 5,7 milioi turismo-erabilerako ondare historikoa birgaitzeko laguntza-programa.

 

Gainera, aurrekontu arrunt horretatik kanpo, Sailak aparteko beste 30 milioi izango ditu Next Generation funtsetan:

  • 26 milioi Helmugako Iraunkortasun Turistikorako Planetan inbertitzeko, hainbat udalerri eta eskualdetan.

  • Enogastronomia Plan Nazionalak aparteko funtsak txertatu ahal izango dizkio Sailaren aurrekontuari, behin hori ebatzita.

  • 3,9 milioi turismo-alojamenduei efizientzia energetikoa hobetzeko, EEErekin koordinatuta kudeatuko direnak.

 

“Funts horiek Sailaren aurrekontua handituko dute, 94 milioira arte gutxienez. Aurrekontu hori zuzenean bideratu nahi izan dugu sektorera eta bertako enpresetara, modernizatzen, dinamizatzen eta lehiakortasuna areagotzen laguntzeko, establezimenduetako inbertsioak handituz. Horregatik, enpresentzako laguntza arruntak 13,75 milioira igo ditugu, aurreko ekitaldian baino % 20,6 gehiago. Eta, gainera, Next Generation funtsetatik 40 milioi baino gehiago izango ditugu, eta 1,4 milioi Aiaraldeko ZAPen, zeinak eragin zuzena baitute udalerrien eta eskualdeen garapen eta modernizazioan eta haien enpresa-sarean” sailburuak azaldu duenez.

 

Turismoaren eta Ostalaritzaren arloa

Turismoaren eta Ostalaritzaren arloaren aurrekontua 22 milioikoa da. Turismo-enpresak berreskuratzeko ekarpenari dagokionez, 4 lerro daude:

  • EMET laguntzak, Turismo Enpresen Ekintzailetzarako eta Hobekuntzarako, zenbatekoa 1,3 milioi eurora arte handitzen dutenak.

  • PTT Lurralde Proiektu Turistikoetarako laguntzak, lankidetza- eta kudeaketa-erakundeei zuzenduak, % 23 handituta 1,78 milioi eurora arte.

  • PLEko turismoa merkaturatzen eta sustatzen laguntzea, % 37 handituta, 984.000 eurora arte.

  • Asoziazionismoa indartzea, turismoaren arloko elkarteen dirulaguntza nominatiboak optimizatuz, 000 euroko partida osoarekin.

 

Basquetour

BASQUETOUR Turismoaren Euskal Agentziak 9,6 milioi jasoko ditu, hau da, % 4,7ko igoera. Aurrekontuan ahalegin handiena marketin turistikora bideratuko da, 4,8 milioi euro, % 14ko igoerarekin; izan ere, distantzia luzeko nazioarteko merkatuetan sustapena eta merkaturatzea indartu nahi da, horiek baitira pandemiaren ondoren gehien sufritu dutenak, Brasil, Argentina edo AEB bezalako herrialdeetan eta, bereziki, Japonian, gobernuko hainbat departamentuk parte hartzen duten Japoniako Talde Eragilea proiektuaren bidez.

 

Gainera, Meet Basque Country ekintzari ekingo zaio berriro: Euskadin egiten den mundu osoko agentzien eta turoperadoreen topaketa, bi urtean behingo jarduera estruktural gisa sendotzeko, 250.000 euroko partidarekin.

 

Beste apustu garrantzitsu bat Adimen Turistikoa da. Hiriburuak DTIren hainbat programa ezartzen ari dira dagoeneko, eta 2022an Helmuga Turistiko Adimenduna (DTI) proiektua garatu da Arabako Errioxan, Goierrin eta Uriben. Proiektu hori Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak baliozkotu du, Segittur-en bidez. “Ildo horretan, aitzindariak gara udalerrietako DTI metodologia eskualdeetara egokitzen eta, beraz, martxan dauden esperientzia pilotuak beste erkidego eta lurralde batzuetarako ibilbide-orri izango dira. 2023an, gutxienez 5 eskualdetan handituko dugu DTIen garapena, 593.150 euroko partidarekin”.

 

Merkataritzaren arloa

Merkataritzaren arloak 21,5 milioi euroko aurrekontua du, eta 2030erako Merkataritzaren Euskal Estrategiaren ildo nagusiak garatzea eta abian jartzea du mugarri garrantzitsutzat. Horretarako, hainbat programa ezarriko ditu:

 

  • Proiektu bereziak garatzea, 000 euroko zuzkidurarekin; proiektu pilotuak, elkarteekin eta udalekin lankidetzan, merkataritzaren dinamizazioaren inguruan eta hiri-ekonomiaren ikuspegitik (Berrikusi Llodio, Zumarragako merkatua, Gasteizko merkataritza suspertzea).

  • Ekintzailetza-programa berriak 1,9 milioi ditu 2023-2024 aldirako eta merkataritza-enpresa berrien ezarpena erraztea du helburu, baita ekintzaileei negozioa abiarazten laguntzea ere.

  • Bi proiektu horiek Merkataritza Berrikuntzako Hub baten bidez hedatzen dira. “Hub honetan ekosistema bat sortuko dugu, ekintzaileak, ingeniaritzak, erakundeak eta garapen-sozietateak merkataritzaren berrikuntza-proiektuen inguruan konektatzean”. 000 euro izango ditu 2023rako eta 2024rako.

 

Bestetik, Merkataritzako establezimenduak modernizatzeko programan 4 milioi eurora arte igo da aurrekontua, “zuzenean merkataritzara bideratzen delako eta merkatarien inbertsio-premietan eragiten duelako, haien beharrezko modernizazio fisikoa sustatuz”.

 

Kontsumobide

Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuak 7,9 milioi ditu, eta horietatik 6,5 milioi Sailaren transferentziari dagozkio (% 10,5 handitu da 2022aren aldean) eta gainerakoak soberakinak eta diru-sarrera propioak dira.

 

Kontsumobideren 2023rako aurrekontua ikuspegi bikoitzetik bideratzen da. Alde batetik, kontsumoaren arloko agertoki berriarekin, ziurgabetasun eta inflazio egoera batean, kontsumitzaile kontzientziatuagoekin beren kontsumo-ekintzei buruz. Eta, bestetik, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutu berria ezartzea. Estatutu hori zuzenketa-aldian dago Legebiltzarrean, eta eginkizun berriak emango dizkio Kontsumobideri.

 

Ildo horretan, Kontsumitzaileen Arretarako Udal Bulegoentzako laguntzak % 8,5 igo dira. Hala, 2023-2024 deialdia 1,15 milioi eurokoa izango da. Era berean, % 9,5 igo dira kontsumitzaileen elkarteentzako dirulaguntzak, 345.000 eurora arte.

 

Informazio- eta komunikazio-kanpainetarako aurrekontua 326.000 eurora arte handitu da, Kontsumobideren lana herritarrei hurbiltzeko eta tresna berriez eta haien eskubideen defentsan ezagutza handiagoaz hornitzeko.

 

Era berean, ikuskaritza indartuko da eta digitalizazioa bultzatuko da, ikuskatzaileen lana erraztuko duten gailu berriak emanez. Azkenik, 70.000 euroko inbertsio-ahalegina egingo da Kontsumobideren prestakuntza-zentroetan, efizientzia energetikoaren arloan.

 

“Gure sektoreei laguntzeko beharrezkoak diren mekanismoak bultzatzen jarraituko dugu, ziurgabetasun-testuinguru batean. Eta hori egingo dugu enpresetan eta establezimenduetan zuzenean eraginez, baina baita horiek babesten dituen elkarte-sarea sendotuz ere. Sektoreari eta Legebiltzarrari eskua luzatuta, iraunkortasuna, lehiakortasuna eta ekonomiaren suspertzea bultzatzen laguntzeko” esanez amaitu du sailburuak.

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30