Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   LANKIDETZA PUBLIKO-PRIBATUA

Turismo Mahaiak turismo-sektorearen egoera aztertu du araudiari, proiektu egin berriei eta irudi berriari dagokienez

Turismo Mahaia gaur goizean bildu da, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak deituta. Saileko kideez gain (sailburua, Sonia Pérez Ezquerra; sailburuordea, Isabel Muela; zuzendaria, Goyo Zurro; eta Basquetourreko zuzendari Harkaitz Millán), honako hauen ordezkariak izan dira bileran: aldundiak, euskal hiriburuetako udalak eta Eudel, merkataritza-ganberak, unibertsitatea, turismo-eskolak, ostatu-enpresak, ekitaldiak antolatzeko enpresak, bidaia- eta gidari-agentziak, ostalaritza-elkarteak, sindikatuak eta kontsumitzaileak.

Mahaian landu diren lehen gaietako bat 109/2017 Legez Besteko Proposamena izan da, “turismo-tasa” bat ezartzeko aukerari buruzkoa. Proposamen horretan, Eudelekin elkarrizketa bat ezartzeko eskatzen zitzaion Eusko Jaurlaritzari, horren inguruko gogoeta egiteko eta administrazioekin eta agenteekin tasa hori premiazkoa den ala ez aztertzeko.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak ikuspegi global bat du turismo-jasangarritasunaren inguruan, eta turismoa urtaro guztietara zabaltzera eta turistak lurralde osoan banatzera bideratuta dauden politikak bultzatzen ditu. Hori lortzeko, hiriburuetatik kanpoko baliabideen balioa nabarmendu du (industria-turismoa, familia-turismoa, Basque Route, erromesaldi-ibilbideak, ekoturismoa eta natura-turismoa).

Eudelekin eta sektoreko hainbat agenterekin bildu, aurreko Turismo Mahaian egindako gogoeta jaso eta Eusko Jaurlaritzak turismo-egonaldiak kargatuko dituen zerga bat ezartzearen aurkako iritzia agertu ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak burututzat hartu du Legebiltzarrak gai hori aztertzeko egindako enkargua, Turismo Mahaian azaldu duenez.

Landutako beste gai bat berriki onartutako araudia izan da. Alde batetik, Turismo Mahaia arautzen duen Dekretuaren aldaketa, sindikatuen ordezkaritza txertatzeko helburuarekin, besteak beste turismoaren esparruko enpleguaren inguruan duten ikuspegia ager dezaten.

Bestetik, Enpresen eta Turismo Jardueren Erregistroa arautzen duen Dekretua. Honako helburu hauek ditu: haien konfigurazioa legez aurreikusitako establezimenduen eta enpresen tipologiara egokitzea (turismo-erabilerarako etxebizitzak eta logelak, besteak beste) eta legezko beste aurreikuspen batzuetara egokitzea (zehapen jakin batzuen inskripzioa, adibidez).

Araudi horrez gain, lantzen ari diren dekretuak azaldu dira, hala nola turismo-gidariei buruzko Dekretua (Euskadin gaituta) eta bidaia-agentziei buruzko Dekretua. Legeak adierazten duenez, turismo-gidariaren jarduera askatasun osoz egiten den jarduera da, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondarearen kategorietako bateko ondasun gisa katalogatuta dauden elementuen barruan izan ezik. Legea onartu ondoren, jardueraren gauzatzea arautuko zuen Dekretu bat izapidetu behar zen, eta lantzeko fasean dago gaur egun.

Bidaia-agentzien Dekretuari dagokionez, orain arte EAEk ez du egokitu bere araudia 90/314 Zuzentarauak bidaia konbinatuen kasuan eskatzen dituen bidaia-bermeen erregulaziora. Hori dela eta, bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren bigarren aldaketari buruzko Dekretu bat lantzea proposatzen da, bidaia konbinatuetan eta lotutako bidaia-zerbitzuetan kaudimengabeziari aurre egiteko bermearen araubide juridikoa arautu dadin.

Halaber, Saretour, Turismoaren Euskal Sarea abian jarri dela jakinarazi zaio Turismo Mahaiari. Sare horrek enpresen arteko batasunak eta taldeak sustatuko ditu baterako proiektuak egiteko, eta enpresen eta erakundeen lehiakortasunaren hobekuntzan aurrera egiteko lan-taldeen eraketa bultzatuko du. Horrela, beraz, agenteak, eskualde-erakundeak eta erakundeak merkatuei, produktuei eta sustapen-estrategiei dagokienez koordinatzea oinarrizko alderdia izango da. Sare berri hori sortu gabe dago oraindik gainerako autonomia-erkidegoetan, eta lankidetza publiko-pribatuaren arloko lan-ardatz nagusia izango da.

Bileran azaldu diren beste gai batzuen artean, Euskadik autonomia-erkidegoetako ordezkari gisa Espainiako Turismo Kontseiluaren Batzorde Betearazlean izan duen parte-hartzea eta Euskadiren irudi turistiko berria (sintonia eta claim propioekin) azpimarra daitezke.

 

 

 

 

Martxoa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31