Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   GASTRONOMIA

Ordiziak Artzai Eguna ospatu du

1 / 6

Gaur Ordiziako Artzai Eguna ospatu da. Artzaintza eta gazta protagonista izan dituen ekitaldian Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da.  

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren esanetan, era honetako ekitaldietan merkatuak eta bertako produktuak “Euskadi nazioartean entzute handiena duen helmuga gastronomikoetako bat dela aitortzeko modua” bihurtzen dira. Izan ere, sailburuaren ustez, “gastronomiaren zutarria kalitate handiko gure produktuak dira, horien artean Idiazabal jatorri-izeneko gazta, baina berez merkatuak dira gure artisauen eta nekazarien, produktuen eta kontsumitzaileen arteko oinarrizko kohesio eta batasun eginkizuna betetzen dutenak”.

Sailburuak “bertako produktuen, artisau-produktuen eta merkatuen sustapena eta bultzada” balioetsi ditu “trakzio turistikoaren elementu gisa. Eta horretarako Goitur – Goierriko Turismo Agentziarena bezalako oinarrizko koordinazioa dugu, eta elkarrekin sustatzen dugu Idiazabal Lurraldea izeneko marka gastronomikoa”.  

Sailburuaren ustez, turismo gastronomikoaren aldeko apustuaren isla dira Goierri Gastronomika izeneko lehenengo kluba, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak lideratutako Euskadi Gastronomika proiektuaren barruan sortu dena; eta Goierriko bi museo gastronomikoak, Delikatuz Ordiziako Elikadura eta Gastronomia Gunea eta Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa, kide dituen Gastromuseums sarea. Eta testuinguru horretan egin da Ordiziako merkatuaren eta Idiazabal gaztaren aldeko apustua ere, The Basque Route ibilbideko laugarren etapan nahitaezko geldialdi bihurtuz.

Euskadin gastronomia da bisitatzen gaituztenen motibazio nagusia, gure nortasun-ikurra eta bizitza ulertzeko modua”, esanez amaitu du sailburuak.   

 

Artzai Eguneko ekintzak

Goizean goiz ekin zaio egunari asteroko azokarekin. Horrez gain, gaztaren, Goierriko produktuen eta Gipuzkoako artisauen saltokiak ere jarri dira.

Goizean Ordiziako kaleetatik artaldeak igaro dira, garai batean artaldeek negua amaitzean mendirako bidea hartzen zuten unea sinbolizatuz, eta Alde Zaharra zeharkatu dute lau artzainen 2.000 bat ardik.

Azkenik, eguneko ekitaldi nagusia egin da, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, eta aurten Tolosako Ama Tabernako Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek moztu dute gazta. Eguneko beste une aipagarri bat Luis de Lezamari, Lezama Nazioarteko Ostalaritza Taldearen lehendakari eta sortzaileari, bere ibilbideagatik eta Idiazabal gazta Euskadin eta Euskaditik kanpora ezagutarazteko egiten duen lanarengatik, egin zaion omenaldia izan da.

Martxoa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31