Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   ZIKLOTURISMOA

Javier Hurtado sailburuak: "Bizikletaz egiten den turismoan Euskadi nazioarteko erreferente izatea da Zikloturismoko Estrategiaren helburua"

1 / 4

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok  Euskadiko Zikloturismo Estrategia eta ibilbide berriak aurkeztu ditu gaur Eibarren, “Euskadi Cycling” proiektuaren barruan. Aurkezpenean Jon Iraola Eibarko alkatea eta Joseba Beloki txirrindularia izan ditu lagun.

 

Sailburuak azaldu duenez, Tourra Euskaditik irteteak bultzada handia emango dio “urteetan lanean aritu garen zerbaiti: Euskadi erreferentziazko helmuga zikloturista gisa finkatzea. Euskadik produktu zikloturista sendo bat garatzeko faktoreak biltzen ditu: tradizio luzea, sarbide onak, kirola egiteko azpiegitura onak, hotelen edukiera eta askotariko eskaintza, eskaintza osagarri erakargarria eta kalitatezkoa, nazioarteko ekitaldiak eta kirol-komunitate aktibo eta kohesionatua”.

 

Euskadiko zikloturismoaren helburuak, Estrategiak jasotzen dituenak, eskaintza dibertsifikatzean oinarritzen dira, naturarekin kontzientziatua dagoen segmentu turistiko adeitsu bat erakartzeko. Horrela, lurraldean zehar turismoaren fluxuak  banatzen laguntzen da, eta egonaldia eta desestazionalizazioa handitzen.

 

“Zikloturismoa lurraldea egituratzeko bide bat da, ibilbideen bitartez, baita turismoko jarduerak helmuga osoan zehar sortzen duen aberastasuna  banatzeko bide bat ere. Zikloturismoa, beraz, jasangarritasuna bermatzen duen produktu bat da, bere hiru alderdietan: ingurumenekoa, soziokulturala eta ekonomikoa. Horrez gain, Euskadi Basque Country marka indartzen laguntzen du, askotariko helmuga turistiko jasangarri gisa” zehaztu du sailburuak.

 

Zikloturismoko Estrategiak planteatzen duen lan-planak 4 ardatz ditu. Lehenik eta behin, azpiegiturak, lurraldean txirrindularitza praktikatzeko dauden ibilbideen balioa nabarmentzeko, bai diseinatutakoak eta daudenak, bai etorkizunean aukera bat izan daitezkeenak.

 

“Izan ere, Next Generation funtsekin Jasangarritasun Turistikoko Planen bidez finantzatutako osagai zikloturista duten eskualde-proiektuak lantzen ari dira, eta orain arte 60 milioi baino gehiago txertatu dituzte euskal udalerri eta eskualdeetan. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Lehentasunezko Jarduketa Eremuetako programek —7,5 milioi bideratu dira proiektu turistikoetara— bide berdeetan eta bizikleta-bideetan egindako esku-hartzeak ere biltzen dituzte beren jardueretan”.

 

Zikloturismoko Estrategiaren bigarren jarduera-ardatza sektorea da.  “Sektoreko enpresekin eta eragileekin dihardugu elkarlanean, bisitari zikloturistak Euskadin turismo-zerbitzu egokiak eta kalitatezkoak aurki ditzan. Adibidez, alojamendu- eta zerbitzu-enpresentzako prestakuntza-tailerrekin. Edo maiatzean izango den Euskadiko II. Zikloturismo Foroarekin”.

 

Hirugarren jarduera-ardatza sustapenari eta merkaturatzeari lotutakoa da, hainbat jarduerarekin, besteak beste prentsa espezializatuko bidaiekin edo udazkenean izango den turoperadoreen elkarraldi handiarekin: Meet Basque Country.

 

Azkenik, estrategiaren laugarren ardatza Erkidegoari lotutakoa da. Helburua da sektore espezializatuarekin lan egitea ekosistema bat sortzen saiatzeko eta Euskadin dagoen bizikletaren kultura balioan jartzeko, beste helmuga batzuekiko faktore bereizgarri bihur dadin.

 

Estrategiaren aurkezpenaren ondoren, Joseba Beloki txirrindulariak “Euskadi Cycling”-i atxikitako errepideko ibilbide berria azaldu du, autoz eta ibilgailu elektrikoz egin zitezkeen ibilbideetatik abiatuta —The Basque Route, esaterako—.

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30