Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   BIDE BERDEAK

Euskadiko Bide Berdeen III. Jardunaldiak baliabide horiek zikloturismoa bultzatzeko, lurraldea egituratzeko, eta ekonomia eta enplegua indartzeko duten garrantzia azpimarratu du

Turismo sailburuak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak, Lehentasunezko Jarduketarako Eremuen funtsen bidez, 1,8 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin duela Bide Berdeetan; Gainera, azpiegitura horiek Next Generation Funtsen onura jasotzen dute, Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko Planen bidez.

Jardunaldian, Basquetourrek eta Fundación de los Ferrocariles Españoles erakundeak Euskadiko Bide Berdeen sustapenerako lankidetza-hitzarmenak berritu dute.

1 / 7

Gaur inauguratu da, Donostiako Aquariumean, Euskadiko Bide Berdeen III. Jardunaldia. Urtero egiten den ekitaldi honetan adituak biltzen dira turismo jasangarriaren eta mugikortasun aktiboaren baliabide horien inguruko aurrerapenak eta berrikuntzak bateratzeko, eta ibilbide horietarako programak, planak eta proiektuak azaltzeko. Jardunaldia da tokiko, probintzietako, autonomietako eta estatuko erakunde kudeatzaileek eta sustatzaileek jardunbide egokiak partekatzeko eta egungo eta etorkizuneko agenda, estrategia eta politika publikoetan bide berdeak barne hartzea sustatzeko foro nagusia.

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok ireki du jardunaldia, eta adierazi du zikloturismoa Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-apustu nagusietako bat dela, turismo jasangarriaren ereduan segmentu oso garrantzitsua delako; izan ere, desestazionalizazioa, hain turistikoak ez diren eremuetako fluxuen mugimendua, eskaintzaren aniztasuna eta turismo arduratsua bultzatzen ditu. Eta, gainera, sailburuak honako hau aipatu du: “gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa osatu duen gure industria-ondarea balioesten laguntzen du. Eta horretarako, tresna onenak ditugu, hala nola txirrindularitza-tradizio luzea, azpiegitura onak, gure ibilbide zikloturista garrantzitsuak eta bide berdeen sarea, jardunaldi honetako protagonistak.”

 

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Rafaela Romerok honako gogoeta hau partekatu du: “azpiegiturarik gabe, gutxieneko kalitate eta segurtasun bermerik gabe, ezingo litzateke zikloturismoaz hitz egin. Eta ibilbide horiek eskaintzen dizkiguten turismoaren, aisiaren, kirolaren, ondare historikoaren eta natura-ondarearen aukerak aprobetxatzen eta erabilera sustatzen duten erakunde eta kudeatzailerik gabe, ezinezkoa izango litzaiguke eskura dugun aberastasun hori guztia ezagutaraztea.“

 

Jardunaldian Next Generation funtsek eta beste funts batzuek Bide Berdeetan eta Mugikortasun Aktiboko Azpiegituretan duten inpaktua eta politika publikoak jorratuko dira.  Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Berdeen garrantzia aztertuko da mugikortasunaren ikuspegitik, baita abian dauden plan eta proiektuena ere, helmuga jasangarrien oraina eta etorkizuna azpimarratuz. Azkenik, mahai-inguru batean eztabaidatuko dira turismoaren ikuspegitik Gipuzkoako Bide Berdeek duten eragina eta abian dauden proiektuak.

 

Javier Hurtado sailburuak zehaztu duenez, Lehentasunezko Jarduketarako Eremuen Planaren barruan jada hainbat inbertsio daude abian: Muzkizko Itsaslur Bide Berdean 400.000 euroko inbertsioa; Burdin Mendiko Bide Berdean 500.000 euroko inbertsioa; edo Arditurriko Bide Berdean 960.000 euroko inbertsioa egin da. Programa zehatz horiek 1,8 milioi euro baino gehiagoko jarduketak bultzatzen dituzte digitalizazioaren arloan, bide berdeei eta horien hedapenari lotutako zerbitzuak indartzearen arloan, eta ardatza bera eta bide berdeen adarrak hobetzearen arloan. Lehentasunezko Jarduketarako Eremuetako funtsez gain, bide berdeek Next Generation Funtsak ere jasotzen dituzte, Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko Planen bidez.

 

Fundación de los Ferrocarriles Españoles erakundearekin hitzarmena berritu da

Jardunaldiaren esparruan, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren eta Fundación de los Ferrocarriles Españoles (FFE) erakundearen arteko hitzarmena berritu da. Daniel Solana, Basquetourreko zuzendariak eta Adrián Fernández, FFEko zuzendari kudeatzaileak akordio bat sinatu dute. Akordio horren bitartez, aldeek konpromisoa hartzen dute Euskadiko Bide Berdeak sustatzeko ekintzak burutzeko, baterako aurkezpenak egiteko, jardunalditan, ekitalditan eta Ganteko Fiets & Wandelbeurs bezalako azoketan parte hartzeko, sare sozialetan kanpainak egiteko, eta irratsaioetan edota aldizkarietan albisteak eta eduki espezifikoak zabaltzeko.

 

Euskadiko Bide Berdeen III. Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak eta Fundación de los Ferrocarriles Españoles (FFE) erakundeak antolatu dute, zikloturismoaren zaleentzako erakargarritasun nagusietako bat bihurtu den baliabide honentzat bereziki garrantzitsua den une batean; izan ere, programak aurten 30 urte beteko ditu sortu zenetik.

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30