Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   TURISMO NAUTIKOA

ANEN Kongresu Nautikoak turismo nautikoak Euskal Autonomia Erkidegoan duen garrantzia azpimarratu du

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Euskal Autonomia Erkidegoko ANEN (Enpresa Nautikoen Elkartea) Kongresu Nautikoaren inaugurazioan hartu du parte gaur. Bertan, sektore nautikoko 500 profesional baino gehiago bilduko dira. Datozen egunetan, bertaratzen direnek Euskal Autonomia Erkidegoaren erakargarritasunez gozatu eta sektorearen orainaz eta etorkizunaz eztabaidatu ahal izango dute.

 

Itsasoak eta kostaldeak gure lurraldean duten garrantzia azpimarratu du sailburuak. “Euskal Herria Juan Sebastian Elkano bezalako itsasgizonen sorlekua da, eta itsasoari begira dagoen eta itsas historia aberatsa duen lurraldea. Elkanoren ondarea Sailak sustatutako Elkanoren ibilbidean bisita daiteke. Gure iragan nautikoa islatzen duten baliabide turistikoak ere baditu, hala nola Pasaiako Albaola Itsas Faktoria”.

 

Gainera, sektorearekin batera egindako lana nabarmendu du sailburuak, Euskal Kostaldeko Turismoaren Plan Zuzentzailean oinarrituta. Plan horrek turismo aktibo nautikoarekin lotutako jarduera turistiko guztiak bultzatzen ditu. Euskadiko Enpresa Nautikoen Elkartearen sorrera ere aipatu da. Elkarteak sektoreko enpresa eta profesional guztiak bilduko ditu.

 

“Euskal Autonomia Erkidegoa helmuga ezaguna bihurtu da turismo nautikoarentzat, gaur inauguratu den Anen Kongresu Nautiko honek eta azken 8 urteetan jarduera nautikoan % 32ko igoera izan duten 120 enpresa baino gehiagok erakusten duten bezala”, aipatu du sailburuak.

 

Gure lurraldean guztira 16 kirol-dartsena daude, 5.899 plaza eta 156 amarraleku eskaintzen dituztenak joan-etorrietarako, eta datuek erakusten digute aisialdiko nabigazioaren sektoreari lotutako turismoak gorantz egiten jarraitzen duela. Iaz, 2.608 geldialdi egin ziren gure portu eta dartsenetan, gehienak Frantziatik etorritakoak (% 57). “Geldialdi horiek gure lurraldera egindako bisitaldi eta turismo bihurtzen dira. Sailak halako ekintzak bultzatzen jarraituko du”.

 

Turismo nautikoa diru-sarrera iturri garrantzitsua da tokiko komunitateentzat, eta sailburuak euskal eredu turistikoak baliabide naturalen eta itsas bizitzaren kontserbazioarekin duen konpromisoa azpimarratu du. Turista nautikoek zetazeoen behaketa eta "Flyscharen Ibilbidea" bezalako jarduerez goza dezakete, baita ingurumen-sentsibilizazioaz ere Mater eskola itsasontzitik.

 

“Euskal Autonomia Erkidegoko turismo nautikoa hezkuntza- eta kultura-esperientzia aberasgarria da, eta itsasoari lotutako herri baten historia eta itsas ondarearen garrantzia ezagutzeko aukera ematen die bisitariei” esanez amaitu du sailburuak.

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30