Basquetour: Turismoaren Euskal Agentzia. Agencia Vasca de Turismo

El lehendakari entregó los Premios Comercio y Turismo 2016 a Mamia, Aramendia, La Moderna, Torre Loizaga, Jardín Botánico de Santa Catalina, Gerardo González Baragaíla y Juan Mari del Hoyo

  • En el acto, en el que también participó la consejera Arantxa Tapia, la Donosti Cup tuvo una mención especial por su 25 aniversario.

27/10/2016 - BASQUETOUR
FacebookTwitterLinkedin

Gasteizko Mamia proiektua, Gipuzkoako Aramendia pasteldegiak, Bilboko La Moderna urdaitegi alemaniarra, Enkartazioetako Loizaga dorrea eta Iruña Okako Santa Katalina lorategi botanikoa izan dira aurtengo Merkataritza eta Turismo Sariak, epaimahaiak horrela erabaki ondoren, berrikuntzan, lehiakortasunean, lankidetzan eta dinamizazioan egin duten lanagatik. Era berean, BOX saltokiko Gerardo Gonzalez Baragailaren eta Viajes Azul Marino bidaia-agentziako Juan Mari del Hoyoren ibilbide profesionala ere saritu ziren.
Bestalde, Turismoko epaimahaiak aipamen berezia eman zion Donosti Cup-ari, 25. urteurrena dela eta.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, eman zizkien sariak irailaren 21ean lehendakaritzan ospatutako ekitaldian.


TURISMO SARIAK 2016

Torre Loizaga, Berrikuntza Bultzatzeari Turismo Saria

Galdames herrian dago Torre Loizaga dorretxea, Miguel de la Vía enpresaburu enkarterriarrari esker museo bihurtu zena. 90eko hamarkadan zabaldu zituen ateak jendearentzat eta antzinako ibilgailu klasikoen munduko bilduma pribaturik onenetako bat dago bertan.
Zabaldu zenetik, Torre Loizaga Enkarterriko eskualdeko erakargarri turistiko kuttuna da eta, gainera, garrantzi bereziko baliabidea izatera iritsi da Bizkaiko eta Euskadiko turismo-eskaintzan.

Toki hori bere esklusibotasun aitortuak ematen dio: munduko beste toki bakar batean ere ezin da ikusi Rolls-Roycen bilduma osoagorik.
Punta-puntako nazioarteko proiekzioa du eta horri esker berrikuntza bultzatzeko agertokia ez ezik aurrendaria ere bada. 2010ean bide berri bati ekin zion bere eskaintza dibertsifikatzeko, eta ordutik era guztietako biltzarrak eta ekitaldiak antolatzen dira bertan.

Orain dela ez hainbeste denbora, grabazio eta filmazioetarako eskaintzan sartu da gotorlekua, eta harrera aparta izan du ikus-entzunezko industriaren aldetik.

Horri guztiari esker lortu du ondo merezitako saria.


Santa Katalina Lorategi Botanikoa, Lehiakortasunari Turismo Saria

Arabako Iruña Okako familia ahaltsueneko ondorengoek eraiki zuten XIII. mendean leku xarmangarri honek bere baitan hartzen duen dorretxea. Orain dela hamarkada bat goitik behera zaharberritu zen eta horrekin bertako historia berreskuratu ahal izan zen.

Saria eman zitzaion, berez, Santa Katalina Lorategi Botanikoaren ibilbide luzeari. 1999an proiektu bat baino ez zen, 2012an Gidaplana egin zen eta une hauetan lehenengo mailako baliabide turistikoa bihurtu da udalerrirako eta lurralderako ez ezik Autonomia Erkidego osorako ere.

Bere ezaugarri berezien artean nabarmendu behar dira dinamismoa eta gizartea erakartzeko gaitasuna. Urte askoan bertan sustatutako jarduera ugariek turismo-sektorea urte-sasoiari lotuta ez egotea ahalbidetu dute, inguruko eskaintza ludikoa antolatzeko funtsezko elementua bihurtu den aldetik.

Ondare naturala eta kulturala saltzen duen produktua dugu, eta, gainera, Iruña Okako Udala osatzen duten bost administrazio-batzarren ahaleginak bateratzen ditu beste sektore batzuekin hazkunde kualitatiboa eta zeharretarakoa bideratzeko.

Kanarietako Astrofisika Institutuak sortutako Starlight Fundazioak munduko lehenengo “izarren parkea” izendatu du, eta nabarmendu behar dira familia-turismoaren alde egin duen apustua eta, beraz, Familia Ugarien Espainiako Federazioaren (FEFN) Familia Turismoaren Zigilua lortzeko egin duen lana.

Azpimarratzekoak dira, bestalde, ondare historikoa birgaitzeko eta landare-espezieak berreskuratzeko egindako jarduerak turismoa sustatzeko proiektu baten zerbitzura. Bilakaera itzela denbora gutxian.


Juan Mari del Hoyo, Laneko Ibilbideari Turismo Saria

“Viajes Azul Marino” agentziako langileek Juan Mari del Hoyo proposatu zuten sarirako, urte-hasieran ofizialki erretiroa hartu zuena bizitza osoa turismoari eta bidaiei eskaini ondoren. Epaimahaiak aho batez saritu du hautagaia.

Juan Mari del Hoyok 1982an ekin zion bere enpresa-bidaiari hiru langileren laguntzaz, eta 2016an Euskadiko Turismo Talderik handiena izatera iritsi da, 95 lanpostu zuzenekin eta zeharkako beste 40ren bat lanposturekin. Espainiako Estatu osoan barrena 20 bulego ditu eta irmo errotutako enpresa dela esan daiteke, beraz.

Familia-egitura batetik abiatuta merkataritza-marka bat baino gehiago dituen enpresa-talde bat eratzea lortu zuen Juan Mari del Hoyok: Grupo Azul Marino, eta Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Santanderren, Sevillan, Valladoliden, Kordoban, Donostian eta Gasteizen dago kokatuta.

Juan Mari del Hoyok gidatu du enpresa harik eta aurten semeei utzi dien arte, eta orain lan hori aitortu nahi izan da.


Donosti Cup-25 urte, Epaimahaiaren Aipamen Berezia

Azkenik, 2016ko Turismo Sarien Kalifikazio Epaimahaiak, salbuespen moduan, erabaki zuen aipamen berezia ematea Donosti-Cup-i bere 25. urteurrena dela eta.

Era horretara, saritu nahi izan zen Donosti Cup-ek eta bere zuzendari Iñigo Olaizolak egindako lana. 1992ko abuztuan kirol-topaketa gisa hasi zen eta gaur egun hirian eta lurralde osoan turismoa dinamizatzeko elementu eztabaidaezina da, bai eta Euskadi kalitatezko helmuga, era askotako aukerak eskaintzen dituena, izaten laguntzen duen ekitaldi garrantzitsuenetako bat ere.


2016ko MERKATARITZA SARIAK

“Mamia”, Enpresa Lankidetzaren Merkataritza Saria

“Mamia” da ibilbide oparoko bi enpresen arteko elkarlanetik Gasteizen sortu den proiektuaren izena. “Artepan” eta “220° Espacio de cocina” dira bi enpresa horiek, eta bat egin dute hirugarren enpresa bat sortzeko. Hirugarren enpresa horren bidez, lanbidearen ikuspegi integrala eskaini nahi dute eta ogiaren kultura sortu nahi dute.

“Artepan” kateak lau saltoki ditu Gasteizen eta 45 langileko lantaldea, eta “220º Espacio de Cocina” enpresak esperientzia handia du sukaldaritza-didaktikan. Bi enpresa horiek beren indarrak batu dituzte zabaldu duten lokalean, hiriburuko alde zaharreko Errementari kalean. Lokal horretan daude okindegia, bezeroen bistara dagoen lantegia –eta fatxada kristaldunari esker jende guztiaren bistara ere badagoena– eta sukaldaritza-prestakuntzarako ikasgela. Bertan, okintzak, gozogintzak edo pizzeriak protagonismo nagusia duten arren, katek eta sukaldaritzak, oro har, badute lekua.

Sustatzaileek jakin izan dute uztartzen okintzako eta opilgintzako produkzioaren eta salmentaren jarduna eta okintza, opilgintza eta sukaldaritzaren arloko helduen eta haurren prestakuntza. “Mamia” proiektu autonomo gisa planteatu da, produkzioan bere burua hornituko duena eta jarduera hori prestakuntzarekin osatuko duena, lanbidearen ikuspegi integrala eskaintzeko eta ogiaren kultura sortzeko.


“Aramendia” pasteldegiak, Merkataritza Berrikuntzaren Merkataritza Saria

Gipuzkoako “Aramendia” pasteldegiek negozioaren arlo guztietan (kudeaketan, langileen gestioan, produktuan, bezeroak erakartzeko estrategietan eta kalitatean) egindako berrikuntza saritu zuen epaimahaiak, eta sari hori 2015ean lortutako Gipuzkoako Merkataritza Enpresarik onenaren sariari batu zitzaion.

Negozioaren ardatz nagusia dira kudeaketa-eredua, ingurunearekiko konpromisoa, teknologien ezarpena eta establezimenduen irudia, eta esparru guztietan aplikatzen ditu ardatz horiek.

Javi Aramendiak esperientzia eta ekintzailetza-zeregina uztartuta gidatzen du artisau-pastelgintzako lan hori. Gainera, hainbat erakundek adibide gisa jartzen duten jardun hori jende guztiarekin partekatzen du, eta eskolak ematen dizkie etorkizuneko ekintzaileei eta profesionalei. Epaimahaiak hori guztia hartu zuen aintzat.

Azken urte hauetan negozioan egin duen eredu-aldaketa dela-eta, bere eskoletan bere esperientzia azaltzen duenean, nabarmentzen du garrantzi handikoa dela negozioen alderdi positiboak eta negatiboak ezagutzea zer negozio-eredu izan nahi den definitzeko garaian.


Gerardo González, “BOX” saltokikoa, Ibilbide Profesionalaren Merkataritza Saria

Donostiako bere saltoki txikiarekin nazioartean izan duen proiekzio apartagatik irabazi zuen sari hau Gerardo González Baragaila Donostiako “Box” saltokiko buruak. 16 urte zituenetik lan egiten du poltsak egiten. 25 urte zituenetik diseinatzailea eta sormen-zuzendaria da, eta bere ibilbide profesionalean garrantzi handiko lorpenak erdietsi ditu: New Yorkeko modaren astean hartu zuen parte edo Japonian frankizia bat zabaldu du.

Saltokia duela 68 urtetatik gobernatzen duen familiaren bigarren belaunaldiko kidea da diseinatzaile hau. Bere enpresa-ikuspegia da beraiek egiten duten kalitate handiko produktuaren aldeko konpromisoa bermatzea eta mantentzea, eta bizitza osorako salmenta osteko zerbitzua eskaintzea. Horrek balio erantsia emango dio markari eta bezeroen konfiantza bermatuko du.


“La Moderna” urdaitegia, Hiri Inguruneetako Dinamizazioaren Saria

Epaimahaiak erabaki zuen Hiri Inguruneetako Dinamizazioaren sarirako hautagairik onena Bilboko La Moderna urdaitegi alemaniarra zela. Etengabe antolatzen dituen orotariko jarduerek (kirol-jarduerek, festa girokoek, elkartasun-jarduerek eta kulturalek) harrera izugarria dute bilbotarren artean.

“La Moderna”-k beti izan du argi hurbileko ingurunearen dinamizazioa funtsezko aktiboa dela bere negozioan, eta, hartara, kirolarekin lotzen diren askotariko ekitaldiak antolatzen ditu (Mullerdani futbol-peñaren egoitza, partiden emanaldiak, eta abar).
Urdaitegiak jakin izan du bere espezialitateak –batez ere alemaniarrak– hainbat jaiekin lotzen, hala nola Oktoberfest-ekin, baita produktuen aurkezpenekin edo hainbat ekitaldi sozialekin eta benefikorekin ere (Festa Zuria, Saltxi Eguna edo UNICEFen aldeko egintzak, adibidez).

“La Moderna” urdaitegia ohiko laguntzailea da San Filipo sindromearen ikerketarako estropatada solidarioan edo Barakaldoko Parkinsonaren ikerketaren aldeko ekitaldietan; era berean, sari hau merezi izan duen dinamizazio-zeregin garrantzitsu horrek egin du ezagun, eta jardun hori aitortu zitzaion sari honekin.

Buscador

Aviso LegalContactoDescargasOtros sitios webNoticiasCalendario